XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baita zera be!.

Dendako kolore faltaz jegoazan, mutil, matraila guztiak zurbil, eta ezpanak tximur ta kolorga.

- Hik esateko ez dok asko, Burduntzi.

- Nor da Burduntzi? - galdegin eban Nikanorrek, autua entzuten isil-isilik egon ta gero.

- Mustur erre oskila -deadar egin eutsan bertatik, erre erre, txikizaharrak mutikoari-.

Umeak etxera, amagana!.

- Heu baino umeago nor dok ba, hamalau urte ta erdigaz oraindino ohean txiza egiten dok-eta!....

Oin bizkorrak zituan Nikanorrek, eta eurei esker, bera baino handiagoaren zemaiak mehatxatu, amenazau ustel urten eian, behingoan aldegin eban handik.

Kale labur eta luzeak iragan ostean, etxe haundi, zabal eta zakar baten aurreraino heldu zan.

Atetako atetzar biak edegita egozan, ohi zan lez.

Eskolea zan etxe eskerga hori, eta herriko kale bazter eta aldendu batean egoan.

Ba etozan mutikoak banan banan euren ikastelekurantz.

Asko, goiztarrak, orduzale zintzoak, barruan egozan ordurako.

Azken txoriak ziran unekada haretan agertuten ziranak, nagiak menpean hartuak bailituan.

Honeetariko batzuk, Nikanorren hitz erdia, irakaslearen esana baino errezago hartu ohi eben gogoan.

Nikanorren agindupean gogozago ekien egoten, maisuaren esanaldi ta jakinbehar ilun eta nekagarriak ausnartu ta eio ezinik, zazpi ahaleginetan jardun baino.

- Liburua asmau ebana, hoba litzateke inpernuan balego.

Horixe zan Nikanorren esanetarik bat, bere kide ta gaztetxuago ziran umekondoentzakoa.

Umeentzat, eskolazale ez ziranentzat esan nahi da, gauza biok ziran alkarren antzekoak, biok bildurgarriak: inpernua ta liburua.

Hauxe, behar bada, okerrago bestea baino, hurrago ta bertarago eukielako.